Fecha: 23/10/2018
Fuente: Bizkaia.eus

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia Garuneko Paralisiaz jota dauden Pertsonak Laguntzeko Bizkaiko Elkarteko (ASPACE) ordezkari batzuekin elkartu da gaur. Aurten, 40. urteurrena ospatzen du erakunde horrek. Urteurren hori ospatzeko, «40 urte gelditu barik» lema aukeratu dute, elkartearen lau hamarkadako ibilbidea nabarmentzeko eta, aldi berean, etorkizunari begira ilusioz betetako mezua zabaltzeko.

Ahaldun Nagusiak eskertu egin du lurraldeko hirugarren sektoreak egiten duen lan sozial garrantzitsua eta, bereziki, Aspacek egiten duena. Halaber, Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiak desgaitasunen bat duten pertsonekin duen konpromisoa azaldu du, kasu honetan garuneko paralisia duten pertsonen garapen pertsonala errazteko eta beren bizi-proiektua gauzatu dezaten laguntzeko duena: Bizkaia inklusibo baten alde, pertsonen gaitasunez harago proiektu guztiak hartuko dituen Bizkaia baten aldeko apustua egitea.

Foru Jauregian egin den topaketan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaz gainera, hauek izan dira: Isabel Sánchez Robles, Gizarte Ekintzako foru diputatua; Kepa Erauskin, erakundeko presidentea; Elías Leguina, Aspaceko kudeatzailea; garuneko paralisia duten pertsonak eta haien senideak, eta elkarteko langileak, besteak beste.