Fecha: 27/05/2018
Fuente: Bizkaia.eus

Proiektuok finantzatzeko zenbatekoa, guztira, ia 300.000 eurokoa da. Laespada diputatuak berdintasunari, kontziliazioari eta ekintzailetzari buruzko ekimen bat bisitatu du, bai eta akademia egokitu baten beste ekimen bat ere, adimen-ezintasunak dituzten pertsonek Administrazio Publikorako oposizioak prestatu ahal izatea xede duena. Aurten, hamaika proiektu eta metodologia berri eta berritzaile garatzeko laguntzak emango ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, 2017ko ekitaldiko deialdiaren bidez finantzaturik; enplegua aldeztea eta kalitatezko ekintzailetza bideratzea da ekimenon xedea.

Programa horri doakion dekretua Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak garatu du eta haren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 295.333,38 eurokoa da proiektu guztiak finantzatzeko.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak proiektuotako bi bisitatu berri ditu:

‘Botiquín de SosteVIDAbilidad’: bizitza erdigunean jartzen duen ekintzailetzarako trukoak eta erremedioak. ColaBoraBora deritzon gizarte-ekimenerako kooperatibaren proiektua da, berdintasuna, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna errespetatzen dituen ekintzailetza-eredua xedetzat hartzen duena.
Akademia egokitua: adimen-ezintasunen bat duten pertsonentzako prestakuntza-prozesua, Administrazio Publikorako oposizioak prestatzeko baliabideak eskaintzen diena (berbarako, Bizkaiko Foru Aldundiak bost plaza aterako ditu laster lehiaketara, deialdi zabalago baten barruan). Akademia hau Lantegi Batuak izeneko erakundeak bultzatzen eta kudeatzen du.
Proiektu horiek guztiak finantzatzeko diru-laguntzotara honako hauek aurkeztu daitezke: alde batetik, irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta erakundeak, eta bestetik, irabazi asmorik gabeko unibertsitate-erakundeak, Lanbide Heziketaren arloko elkarteak eta cluster-erakundeak.

Ondokoak ziren diru-laguntzak jaso zitzaketen jarduerak: ekintzailetzaren arloan eta kalitatezko enplegu egonkorraren alorrean ideia berriak, eginera berriak edota metodologia berritzaileak eragiten dituzten proiektuak diseinatu, garatu eta gauzatzea.

Diru-laguntzak jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, gai hauetariko bat jorratu behar zuten:

Enpleguaren arloan kalitatea hobetzea
Enpleguaren arloan genero-berdintasuna sustatzea
Denbora antolatzeko modu berriak bilatzea eta kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren alorreko neurriak ezartzea
Zaurgarritasun handiko pertsonen gizarte-inklusioaren eta laneratzearen aldeko apustua
Ezkutuko ekonomia azaleratzea
Aniztasuna aintzatestea
Pertsonak formula berrien bitartez kualifikatzearen aldeko apustua
Enpleguaren, gizarteratzearen eta aukera-berdintasunaren arloko baterako ikuspegiaren aldeko apustua
Lanaren alorreko orientazio, prestakuntza eta bitartekaritzarako metodologia berrien aldeko apustua
Euskadiko sektore estrategikoei dagokienez ekintzailetza eta enplegu alorreko ideia eta proposamen berrien aldeko apustua
Ekonomia iraunkorrarekin, enplegu berdearekin, zaintzaren ekonomiarekin edota ingurumenaren arloko baloreekin loturik dauden sektore ekonomikoei dagokienez ekintzailetza eta enplegu alorreko ideia eta proposamen berrien aldeko apustua.
Enpleguaren aldeko programa berri hau Aldundiak gure lurralde honetan orientazioa, prestakuntza eta laneratzea sustatze aldera abiarazi dituen ekimenen multzo zabalaren barruan dago.