Helburua

Hartzaileek “esku hartzeko oinarrizko prozesuan” parte hartzeko jarduera onak sustatzea da ikerketa honen helburua, komunitate-eredua, bizi-kalitatearen eredua eta pertsonengan zentratutako plangintza hartuta erreferentziatzat.

Proba modura, hasierako une honi dagokion bezala, esku hartzeko oinarrizko prozesutzat jotzen dugu, proiektu honen esparruan, erreferentziazko profesional batek prestazioen eta zerbitzuen hartzailea den pertsonarekin batera (eta, hala badagokio, baita haren familiarekin ere[1]) pertsona horrek eduki ditzakeen premiak, laguntzak eta baliabideak ebaluatzeko eta, pertsona horren gizarteratzea ahal den autonomia handienarekin sustatzeko xedez, esku-hartzea oro har modu iraunkorrean bideratzeko (planifikatzeko) eta ebaluatzeko ibilbidea.

Gizarte-laguntza barne hartzen duen esku-hartze erlazionala osatzen du prozesu horrek, pertsonak (prozesuaren bidez eta erreferentziazko profesionalarekin elkarreraginean) bere asmoak, interesak, nahiak, jarrerak eta gaitasunak garatu ahal izan ditzan; zehazki, bere bizi-proiektuaren norabidearekin eta dinamizazioarekin zerikusia duten alderdiak garatu ditzan.

Xede horrekin, honako hauek dira ikerketaren oinarrizko helburuak:

  1. Hartzaileek esku hartzeko oinarrizko prozesuan parte hartzeari dagokionez, gaur egun egiten diren jarduerak eta jarduera horiei mesede edo kalte egiten dieten faktoreak (pertsonalak, harremanei dagozkienak, antolakuntzakoak…) identifikatzea eta aztertzea.
  2. Esku hartzeko oinarrizko prozesuari eta hartzaileek bertan parte hartzeari dagokienez, oinarri batzuk (ikuspegia/definizioak, irizpideak…) ezartzea. Oinarri horiek koherenteak izan behar dute komunitate-ereduarekin, bizi-kalitatearen ereduarekin eta pertsonengan zentratutako plangintzarekin, baita arauzko esparruarekin ere.
  3. Esparru horretatik eta esperientziaren azterketatik abiatuta, jarduerarako(jarduera on baterako) jarraibideak ezartzea; hau da, hartzaileek esku hartzeko oinarrizko prozesuan parte hartzeko egite-modu zehatzak ezartzea.

Ikerketa gizarte-zerbitzuen arloan eta eremu soziosanitarioan eta soziolaboralean zentratzen da, bai eta hirugarren gizarte-sektoreko erakundeetako profesionalen nahiz hartzaileen esperientzian eta jardueretan ere. Bestetik, sektore publikoko profesionalekin kontrastea egitea ere aurreikusi da, ekarpen handia egin baitiezaiokete lan honi, eta, gainera, lan hau oso erabilgarria izan baitaiteke haientzat. Adituekin ere erkaketak egingo dira, lan egin izan duten edo lan egiten duten sektorea edozein izanda ere.

Metodologia

Azaldutako xedeak direla-eta, errealitateen eta errealitate horrek pertsonentzat dituen zentzuen eta esanahien ezagutzan sakontzea ahalbidetuko duen metodologia kualitatiboa egokitzen zaio hoberen proiektuari.

Zehazki, bost teknika kualitatibo hauek erabiliko dira: a) dokumentu-azterketa (adibidez, harreran hartzeko protokoloak eta esku-hartzeen itxiera); b) testuinguruaren azalpena (esaterako, elkarrizketaren egunean ikusitakoan oinarrituta, profesionalen eta hartzaileen arteko elkarreragin-guneena); c) banakako elkarrizketak 8 hartzaileri eta 8 profesionali; d) 2 elkarrizketa dialogatu “hartzaile-profesional pareei”; e) 2 eztabaida-talde (kontrastea), eremu publikoko profesionalekin bata, eta gizarteratzean eta idatzizko hausnarketan ibilbide handia egin duten adituekin bestea, lan egin izan duten edo lan egiten duten sektorea edozein izanda ere.

Elkarrizketetan eta eztabaida-taldeetan parte hartuko duten erakundeak, elkarteak eta pertsonak hautatzeko, artatzen duten inguruabar nagusia (desgaitasuna, mendekotasuna edo mendekotasunerako arriskua, bazterketa edo bazterketarako arriskua, babesgabetasuna edo babesgabetasunerako arriskua) hartuko da oinarrizko irizpidetzat, guztiak ordezkatzeko moduan. Bestetik, aintzat hartuko dira lurralde historikoa, erakundearen neurria (ETE[2]) batzuek ere parte hartzea ziurtatuko da) eta parte-hartzaileen generoa.

Testuingurua

Banaka, familian edo taldean aldatzeko prozesuek parte hartzeko aukera ematen diete parte-hartzaileei; batez ere, esku-hartzearen eremuan. Gainera, gizarte-zerbitzuen arloko araudian aitortzen da esku hartzeko oinarrizko prozesuan parte hatzeko eskubidea (besteren artean, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean eta legea garatzeko araudian).

Praktikan, ordea, oraindik ere aurrera egin beharra dago, bai benetan erabil dadin hartzaileek parte hartzeko duten eskubidea (esku-hartze orokorrean zein esku hartzeko oinarrizko prozesuan), bai maila pertsonalean edo antolakuntza- eta egitura- mailan (maila sistemikoan) parte-hartze hori sustatzeko behar diren baldintzak sor daitezen, prozesuaren erdiguneko prestaziotzat hartuz erreferentearen irudia eta gizarte-laguntza.

Ildo berean, administrazio publikoek esku hartzeko oinarrizko prozesuari loturiko “kasuaren koordinazioa” deiturikoa bideratzen dute batzuetan, baina, zorionez, ez da beti hala gertatzen. “Kasuaren koordinazioa” deiturikoa bideratzean, kudeaketa publiko zuzenekotzat jo ohi diren zereginetan bildutako administrazio-prozedura hutsa egiten da; besteak beste, prestazioak eta zerbitzuak jaso ahal izateko betekizunak betetzen diren zehazteko diagnostikoa edo, zehatzago esanda, “balorazioa” egiten da, eta, bestetik, “orientazioa” edo “arretaren plangintza” egiten da, erantzukizun publikoko prestazioen eta zerbitzuen katalogoko baliabideen esleipen hutsa. Erabakia ere administratiboa izaten da.

Ikuspegi murriztaile (administratibo) horrek, gainera, parte-hartzeari eta hainbat eredutan pazientetzat, bezerotzat eta erabiltzailetzat hartzen diren pertsonen gaitasunak sustatzeari uko egiten dion hartzailearen ikuspegia eduki dezake oinarrian, praktikan bai behintzat; hau da, pertsona horiek ez dira “hartzaile parte-hartzailetzat” hartzen: ez dira erabakien eta eskubide zein betebeharren subjektutzat eta beharrez gain asmoak, interesak, nahiak, gaitasunak… ere badauzkaten pertsonatzat hartzen.

Gizarte arloko esku-hartzearen hartzailearen eta pertsonengan zentratutako plangintzaren ikuspegia handituz doa, bai sektore publikoan, bai hirugarren gizarte-sektorean; orain arte, baina, ez da berdin egin aurrera, eremuen arabera.

Gaur egungo gizartearen testuinguruan, gizarte postindustrial eta dialogiko honetan (Flecha 2011, Beck 2008, Habermas 1999), bizitzaren eremu guztietan jartzen dira zalantzan aginpidean oinarritutako botere-harremanak, eta gizarte-rolak eta -instituzioak (familia, enpresa…) eraldatzen dira, iraganeko estandar zorrotzei dagokienez.

Gauzak horrela, norberaren bizi-proiektua eraikitzeko aukerak areagotzen dira, baina emakume askok, gazteek, adinekoek, migratzaileek… beren bizi-proiektua bideratzeko eta gauzatzeko orduan aurrez aurre dauzkaten zailtasunek eta oztopoek ere gora egiten dute, arriskuen gehikuntzak, gora doan desberdinkeriak eta oinarrizko laguntza-sareen ahultasunak ezaugarritzen duten testuinguruan baikaude.

Sareen Sarearekin elkarlanean aritzea

Besteren artean, elkarlanean aritzeko elementu hauek hartu dira kontuan:

  • Diseinua

Proiektuaren diseinua erkatzea.

  • Hedapena

Askotariko ezaugarriak dauzkaten esku hartzeko erakundeei lotutako pertsonek proiektuan parte hartzea sustatzea, proiektuan xede horretarako finkatu diren irizpideak aintzat hartuta eta taldeetan parte har dezaketen pertsona zehatzen inguruan bideratuta.

  • Kontraste-taldea

Emaitza partzialak (oinarriak eta jarraibideak) eta amaierako dokumentuko emaitzak erkatzeko saio batzuk egiteko taldea eratzea.

[1] Hemendik aurrera, hartzaileen parte-hartzea aipatuko dugu, hala badagokio familiak ere sartzen ditugula azaldu gabe, pertsona horiek hartzaile zuzenak edo laguntza-sarekoak izan gorabehera.

[2] Elkarte txiki eta ertaintzat (ETE) jotzen dira, Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektorearen Liburu Zurian jasotzen diren emaitzen arabera, hirugarren gizarte-sektoreko erakundeak (normalean, elkarteak izaten dira), 60.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte (txikiak) edo 60.001 eta 300.000 euro arteko diru-sarrerak badituzte (ertainak).